KOMUNIKAZIO TRESNA BERRI BAT - UNA NUEVA HERRAMIENTA DE COMUNICACIÓN

LAB SINDIKATUAREN PROPOSAMENAK SUHILTZAILEEN OPOSIZIOA ALDATZEKO


      1. Igoera txandako izangaiak

Puntu horren a) atalean, izangaiek bete beharreko baldintzak zehazten dira. LABetik zera eskatzen dugu: plantilla organikoaren arabera Prebentzio eta Su-iltzaltze Zerbitzuan ari diren lan kontratu mugagabeko aldizkako langileak lan kontratudun finkoekin parekatu ditzatela, baldintzak betetzearen ondorietarako. Eskakizun hori sendotzeko, Iruñeko Lan Arloko 2. Epaitegiaren 2011ko maiatzaren 20ko epaian oinarritzen gara, izan ere, epai horren bidez Administrazioaren menpeko aldizkako lan kontratudun finkoen izaera onartzen zaie langile horiei. Gainera, gogorarazi beharra dago Langileen Estatutuan ez dela agertzen kontratu mugagabeko langileen figura: langile finkoak baizik ez dira aipatzen han. Esan beharra dago, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko lan kontratudunen hitzarmen kolektiboaren indarrez, parekatu egin zirela kontratu mugagabeko langileen eskubideak eta langile finkoenak.

      1. Hautapen fasea
Hirugarrena: izangaiek ariketa psikoteknikoak eta taldekako elkarrizketak egin beharko dituzte, lanpostuaren ezaugarri profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

      1. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa

Prestakuntza ikastaroa gainditzeak berarekin ekarriko du Larrialdietako eta Babes Zibileko teknikariaren titulua eskuratzea, Nafarroako Foru Komunitatean titulu horren egitura eta curriculuma ezartzen dituen urtarrilaren 21eko 1/2015 Foru Dekretuarekin bat, baita Osasun Larrialdietako teknikariaren titulua ere, titulu horren egitura eta curriculuma ezartzen dituen maiatzaren 4ko 43/2009 Foru Dekretuarekin bat.

III. ERANSKINA
PROBA FISIKOAK

Suhiltzaileen lanbide profila zehazteko erabili izan diren ezaugarri nagusietako bat gaitasun fisikoa izan ohi da: argi eta garbi dago lanpostu honetan aritzeko oso gaitasun fisiko ona izan behar dela. Hori hala izanik, ongi finkatu behar dira eskatzen den sasoi fisikoaren gutxieneko mugak, eta ongi zeren arabera ezartzen diren parametro horiek.

Proba fisikoen helburua da oposiziogileak lanpostuan aritzeko sasoi fisiko onean dauden ala ez ebaluatzea. Dena dela, deialdian ezarri diren proba batzuk eta eskatutako gutxieneko puntuazioak ez daude zehatz-mehatz lotuak lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den ahalmenarekin.

Gure iritziz, ariketa horiek nola planteatzen diren ikusita, izangaiak baztertzea bilatzen da, eta ez, ordea, egin beharreko lanetarako behar den gaitasun fisikoa baduten ezagutzea. Izan ere, eskatzen diren probak eta ezarritako gutxieneko markak ikusita, deialdia genero-bazterkeriarekin mugetan mugitzen dela esan genezake. LABen ustez, ezinbestekoa da gai hori zehatz-mehatz aztertzea eta zenbait aldaketa egitea hurrengo deialdietan (ez dakigu denbora aski dagoen oraingoan ezer aldatzeko).

No hay comentarios:

Publicar un comentario